Loading...
ZOOM.EUS
2022-10-14

ZOOM.EUS

 

Gaurkoan egitasmo bat ekarri nahi dugu eraldaketa digitalaren adibide erreal gisa. Aztiker Soziologia Ikergunearentzat, gizarte ikerkuntzarako Zoom tresna (zoom.eus) garatu genuen 2020. urtean, pandemia bete-betean zegoela. (bete-betean baino, justu aurretik, zoom bideo-konferentzien plataforma famatua egin aurretik…)

Aztikerreko Asier Etxenikeri eskatu diogu egitasmo honen nondik norakoak kontatu eta prozesu honetan zer irabazi duten adierazteko.

Asier, azalduko diguzu zer den Zoom.eus? Zer garatu nahi zenuten eta zergatik?

ZOOM.EUS guretzat bi gauza dira. Batetik, lanerako barne tresna bat. Ikerketa soziologikoetan inkestak oinarrizko tresna bat izan ohi dira. Aurreko mende erditik aurrez-aurreko inkestekin bide bat hasi zen. Ondoren telefono finkoen hedapenaren ondorioz, inkesta telefonikoek leku garrantzitsu bat hartu zuten aurrez-aurrekoen ondoan, ia hauek ordezkatu arte. Eta mende honen hasieratik antzera gertatu da internetaren zabalkundearekin eta online inkestak. Gu azken honetan ia hamar urte daramatzagu, onlineko munduan ere lanean, baina ZOOM.EUSek tresna propioa eta gure beharretara guztiz egokitua izatea ekarri digu. Inkesten prozesu osoa (inkesta diseinutik emaitzen ustiaketara) eta metodologia mota guztiak (aurrez-aurrekoak, telefonikoak zein on line), modu integratuan kudeatu ahal izatea. Eta aldi berean datuen babesa eta konfidentzialtasunaren kontrol handiagoa.

Bestetik, kanpora begira, bezeroarentzat gardentasun eta baita aukera gehiago suposatu du. Gurekin ikerketa bat egiten ari dena, orain aukera du edozein momentutan ikerketa prozesua nola doan ikusi edo emaitzak aztertzeko. Baita, nahi izanez gero prozesuaren zati batzuk zuzenean berak kudeatzea ere, bereziki bezero edo bazkide propioen datu base baten jabe direnean.

Ikerketen ikuspegitik zer irabazi duzue, zer egin dezakezue lehen ezin zenutena egin?

Bilatzen genuena eta espero genuena baino gehiago suposatu digu, egia esan.

Batetik, online tresnen bidez gure panelista propioen komunitatea sortzea zen helburu nagusi bat. Inkestatuen komunitate birtual iraunkor baten modura funtzionatzen duena. Hori bakarrik gure eskaintzan eta lan egiteko moduetan iraultza bat suposatu digu eta oraindik trantsizio fase batean gaude.

Baina espero edo aurreikusi ez genituen hainbat eragin positibo ere izan ditu gurean. Tresna propioa izateak autonomia handiagoa eman digu. Orain ikerketa bat martxan jartzeko ez gara egon behar beste enpresa batzuen prozedura administratiboen zai edota aurreikusi gabeko egoerei aurre egiteko gaitasun gehiago dugu, modu azkar eta egokituan erantzuteko gaitasun gehiago.

Metodologia ezberdinak erabiltzen ditugunean orain dena integratua izateak lanaren produktibitatea eta baita kalitatearena ere igotzea ekarri du. Eta lehen esan bezala, manejatzen ditugun datuak datu babeserako irizpide zorrotzak eskatzen ditu. ZOOMekin orain datu guztien kudeaketa ziurragoa bermatzen dugu.

Aztikerreko langileentzat zer suposatu du egitasmo honek?

ZOOM.EUS tresna pentsatu eta garatzeko ekimena ikerketa soziologikoen behar batetik abiatu zen. Behin tresna garatuta ordea, horretaz gain parte hartzearen eremuan ere oso erabilgarria izaten ari zaigu. Horrek Aztikerreko lantalde osoaren arteko komunikazio jarioa eta kohesio handiagoa eragin du.

Eta bezeroen ikuspegitik?

Bi ezaugarri azpimarratuko nituzke. Batetik gure lan guztia monitorizatzeko aukera dute orain. Lan bakoitzaren prozesu osoa gainbegiratzeko eta nahi beste sakontzeko aukera dute orain. Bestetik, orain ikerketa digitalen eremuan, ikerketa mota batzuk haien kabuz kalitatezko gutxieneko berme batzuekin egiteko aukera dute, lehen  ez zutena. Izan datu base propioak dituztelako (bezeroena, bazkideena, gurasoena…) edo beste batzuei erosita, ZOOM.EUSeko mailing kudeatzailetik eta inkestetarako lotura  pertsonalizatuen bidez, lanaren eraginkortasuna eta kalitatea asko handitzen da oso modu errazean.

Zerbait gehitu nahiko zenuke?

Esan bezala trantsizio batean gaude orain dela urte batzuetatik eta ZOOM.EUS martxan jarri dugunetik harrera oso ona izan du. Horrek lana eta aukera berriak ekarri dizkigu, baina baita behar eta potentzialitate berriak somatzea ere. Orain guzti hori ordenatu eta hurrengo urratsetan pentsatzea tokatzen zaigu.

 

Zerrendatu guztiak