Azken egunetan Gipuzkoako hainbat herritan gertaera errepikatzen ari da. - Kaixo bidaliko didazu jaso berri duzun kodigoa? – moskeatzeko moduko mezua litzateke zure seme-alaba edo lagun batek bidalitakoa izango ez balitz. Eta hala gertatzen ari da, gertuko lagunen telefonoetako whatsapp aplikazioetatik dator mezua, jada hackeatu dituztelako.
Iruzurgileek eskatzen duten kodigo hori berifikazio kodea da, aplikazioa instalatzean telefonora iritsi ohi den sms bidezkoa mezua, aplikazioaren jabea ziurtatzen duena.
GOMENDIOA: Inoiz ez eman norberaren mugikorrera iristen den koderik inori. Iruzurra izan daitekeen mezu bat jasoz gero, deitu eta zuzenean hitz egin eskatu dizunarekin egoeraz ohartarazteko.
ZER EGIN whatsappa hackeatu badizute?
Lehenik eta behin, whatsappeko saioa hasi behar duzu zure telefono-zenbakia erabiliz, mezu edo telefono-dei bidez jaso ahal izango duzun 6 digituko kodearekin berriro erregistratzeko.
Horrela, zure kontua modu ez zilegian erabiltzen ari den pertsona automatikoki bertatik irtetea lortuko duzu. Izan ere, whatsappek aldi berean telefono-zenbaki bat erregistratuta egotea baino ez du ahalbidetzen.
ADI BALITEKE… zure PIN zenbakia sartzeko eskatzea. Honek esan nahi du, iruzurgileak bi pausotako ziurtagiria ezarri duela zure aplikazioan eta noski ez duzula jakingo zein den. Kasu honetan, zazpi egun itxaron beharko dituzu 2 pausoko berifikaziorik gabe kontua aktibatu ahal izateko.
GARRANTZITSUA da zure kontaktuei jakinaraztea gertatutakoaren berri. Hainbat kasutan diru eskaerak bideratzen ari bait dira. Pentsa; zure seme alaba batek Bizum egitea eskatuko balizu, beti egin izan duen moduan… zer egingo zenuke? (Gogoratu aurrez gorde, bidali eta jasotako informazio guztia iruzurgilearen esku dagoela…)
AMAITZEKO GOGOETA eta ZENBAIT AHOLKU:
Hiper konektatuak bizi gara eta gure datuak eta informazioa sarean hamaika lekutan dugu, sakabanatua. Sare sozialak, online banka, erosketa elektronikoak, app ugari eta hauek guztietarako gure datuak eta informazioa eman behar izaten dugu. Honekin batera oro har, ingurune hauetan aritzeko segurtasun eta praktika egokien kultura oso ahula izan ohi dela kontuan hartzen badugu, arrisku handian bizi garela esan dezakegu.
Ez da erraza honi aurre egitea baina hainbat kontzeptu garbi izateak asko lagun gaitzake. Hona aholku txiki batzuk:
- Pasahitzak: Ez erabili pasahitz berdina leku guztietan. Izan ere bat hackeatuz gero, zerbitzu guztiak jar daitezke arriskuan. Bestalde pasahitza ahalik eta sendoenak jartzea komeni da. Pasahitz kudeatzaileek (keepass, lastpass, Proton pass, passbolt...) asko lagundu dezakete pasahitzen politika egoki bat garatzen.
- Kontzientziazioa eta formakuntza: Garrantzitsua da ulertzea gure datuak ematen ari garenean nori, zergatik, zenbat eta zertarako ematen ari garen. Bide batez zerbitzu hauek guztiek nola funtzionatzen ulertzea garrantzitsua da.
- Defektuz, ez fidatu: Zure datuak dira eta hauek edozeini emateko bermeak izan behar dituzu. Ezezagun batek eskatzen badizkizu edo ezagun batek ere arrazoi garbirik gabe eskatzen badizkizu ez fidatu, erne egon eta gehiago jakiten saiatu. Ildo beretik sareetatik, emailetik edo beste bideetatik datozen eskaerekin erne egon, ohikoa izaten da aitzakia desberdinak erabiliz loturetan klikatzeko eskatzea eta bertatik malwarea sartzea gailua hackeatzeko.
Informazio gehiagorako: www.eset.com