Telelana... Duela gutxi arte telelana film batzuetan agertzen zen bitxikeri baten moduan ikusten genuen, pijaman eta etxeko zapatillekin pribilegiatu gutxi batzuk soilik lortzen zuten lan oso “cool” mota bat zen, gure egunerokotasunetik oso urruti zegoena.
Baina 4 hilabeteko konfinamendua eta datozen hilabeteetako aurreikuspen ezegonkorraren ondoren ia etxe guztietan sartu den jarduera dela esan genezake. Izugarria da tresna teknologikoen erabileran zenbat ikasi dugun guztiok, hain denbora tarte laburrean.
Eta konturatu gara, bide batez, etxetik lan egitea ez dela hain erosoa, badituela gauza on asko baina baita txarrak ere, ez dela erraza neurria hartzea. Egia da oso desberdina dela esperientzia norberaren baldintzen arabera: etxearen tamaina, argiztapena, haurrak edo helduak zaindu beharra, azpiegitura teknologikoa eskuratzeko gaitasun sozioekonomikoa, lan mota, diziplina, antolaketa gaitasuna...
Baina tira, garai hauetan dena izan arren alarma, prebentzioa, distantzia soziala eta duela gutxi arte imajinatu ere egiten ez genituen egoera kafkiarrak, arrapaladan bada ere, egoerara egokitzeko dugun gaitasun izugarria bistan geratu da. Egia da guzti honek ondorio sozial, psikologiko eta ekonomiko sakonak utziko dituela desberdintasun sozioekonomikoak areagotuz, baina hori beste gai bat da eta azterketa sakonagoak beharko dituenak.
"Baina zer da telelana? Definizio posible bat honakoa izan daiteke: antolakunde edo lantokitik urrun, online eta informazio teknologiak erabiliz egiten den lana. Alegia, definizio honen arabera etxetik lan egiteaz gain informazio teknologiak baliatu behar dira telelana kontsideratzeko."
Nire iritziz, eta definizio borobilik egin nahi gabe, telelanean lantokitik kanpo lantokian bagina bezala egiteko aukera izan beharko genuke, edo gutxienez ahalik eta gehien hurbildu beharko ginateke horretara. Bistakoa da lanpostuaren arabera zailagoa edo errazago izan daitekeela hori baina nik garbi dut esfortzuak norabide horretan jarri behar direla.
Eta zer beharko genuke horretarako? Bada gauza desberdinak: azpiegitura informatiko egokia, interneterako konexio egokia, antolakundeko zerbitzuak horretarako prestatuak egotea eta beste hainbat.
Gaurkoan urrunetik antolakundeko informazio eta zerbitzuetara atzitzeko sistemak azaltzen zentratuko naiz. Izan ere nik uste telelanerako gakoetako bat dela, ez bakarra noski, baina bai garrantzitsuenetakoa.
Hona aukeratu dudan zerrenda, ez dira dauden guztiak baina uste dut nagusiak jasoak geratu direla, ea baliagarria zaizuen:
VPN: Virtual Private Network edo Sare Birtual Pribatua.
Oro har eta azalpen teknikoegietan sartu gabe lantoki kanpotik lantokiko sarean konektatzeko gaitasuna duen teknologia da.
Zer ahalbideratzen digu? Sare horretan kokatuak dauden informazio eta zerbitzuak (normalean zerbitzari batean) atzitu ahal izatea internet bidez modu seguruan.
Zer hartu behar dugu kontuan? Etxean dugun internet konexioaren arabera fitxategiak “online” irekitzeko aukera posible den arren sarri mantsoegia izaten da eta VPNaren bidez norberaren ordenagailura kopiatzea izaten da joera ohikoena. Beraz, ordenagailura kopiatu, landu eta amaitzean berriro VPNaren bidez zerbitzarian edo dagokion lekuan kopiatu behar izaten da.
Zein sistemekin funtzionatzen du? Gaur egungo sistema eragile nagusiekin erabiltzeko aukera dago: windows, linux distribuzio desberdinak, android...
Zer kostu du? Aukera ugari eta anitzak daude, batzuk software librean oinarrituak eta beste batzuk software pribatuan. Software libreko OpenVPN erabiliz gero, inplementazio eta konfigurazio orduak beharko dituzu.
Terminal Server/urruneko mahaigaina.
Microsoft-en soluzio bat da eta, beraz, pribatua. Dokumentuetara atzitu beharrean lantokiko zerbitzarian windows mahaigaina sortu eta gure gailuan partekatzen duen soluzioa da.
Zer ahalbideratzen digu? Lantokiko mahaigain berdinarekin lan egin ahal izatea edozein gailutik. Horrela lantokian erabiltzen ditugun aplikazio berberak, esleituta ditugun baimen eta ezaugarri berberekin eta informazio bera baliatu ahalko dugu.
Zer hartu behar dugu kontuan? Urruneko mahaigain hauek, berez, zerbitzari batean sortu eta konfiguratu ohi dira eta urruneko gailutik ekartzean zerbitzaritik tiratzen du. Ondorioz lantokiko ordenagailua itzalita ere berdin funtzionatzen du. Halere zerbitzaria erabiltzaile kopurura egokitua egon behar du.
Zein sistemekin funtzionatzen du? Microsoften produktua denez zerbitzariaren partea soilik Windows sistemetan funtzionatzen du baina bezeroa, konektatzen duen gailua alegia, linux edo mac izan daitezke.
Zer kostu du? Microsoften produktu ia guztiak bezala lizentziak ordaindu behar dira hauen erabilerarako, lizentzia bat erabiltzaile bakoitzeko.
Urruneko atzipeneko aplikazioak: Teamviewer, Anydesk, Chrome Remote Desktop...
Azken urtetan asko hedatu diren programak dira eta 3 hauek aipatu baditut ere beste asko daude. Programa hauekin etxeko ordenagailutik lantokiko lanpostuaren kontrola hartzen da eta bertan lan egiteko aukera dago.
Zer ahalbideratzen digute? Lantokiko ordenagailuaren kontrola hartzen dugunez bertan egongo bagina bezala lan egin dezakegu, informazio atzipen eta aplikazio berberekin, etxeko ordenagailua edozein izanda ere.
Zer hartu behar dugu kontuan? Soluzio hauen ezaugarri nagusia lantokiko ordenagailua piztuta eta erabilgarri egon behar duela da. Bestalde kontuan izan behar dugu lantokian dagoen edonork ikus dezakeela ordenagailuan egiten ari garen lana.
Zer kostu du? Aplikazio hauetako gehienak pribatuak dira eta urteko lizentzia bat erosi behar izaten da erabiltzaile bakoitzeko. Badira doakoak ere Google Remote Desktop kasu.
"Badira, hauez gain, beste hainbat aukera eta soluzio lantokiko informazio eta aplikazioak edonondik baliatzeko: VMware, Workspace-ak... baina hauek sistema konplexuagoak izatea eragiten dute eta beste baterako utziko ditugu.
Edonola, artikulu honen helburua telelanerako behar garrantzitsuenetako baten soluzio ohikoenak azaltzea izanik norbaiti lagungarria egin bazaio asko poztuko gara.
Bukatzeko bi mezu helarazi nahiko nituzke: batetik egungo egoeraz harago telelana, edo lanpostu deszentralizatua, geratzeko etorri dela eta beraz, merezi duela ondo diseinatzea antolakunde bakoitzaren estrategia eta bestetik soluzio egokiena aurkitzeko aholkularitza profesionala bilatzea oso garrantzitsua dela.
Telelanaren aferak askoz ertz gehiago ditu eta hurrengo artikuluetan hauek azaltzen saiatuko gara. Bitartean, zaindu.